XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PREHISTORIAKO ASMAKARI NAGUSIAKLEHEN TRESNAK.

Hasera batetan, nahi zuena lortzeko, gizona bere ahalmen soilez (eskuez, zentzuez, eta abarrez) baliatzen zen soilik.

Ez zen konturatzen, bere gorputzez kanpoko beste gauza batzuz ere balia zitekeela beharbada.

Horretaz konturatzeko, inteligentea izan behar zuen; eta modu honetaz, adibidez, harriz, hezurrez, edo zuhaitzen makilez, ehizan harrapatzen zituen animaliak errazago hiltzen zituela aurkitu zuen.

Beharbada, horik izan ziren gizonak erabilitako lehen tresnak, gizonaren lehen asmakariak: ehizarako tresnak.

Poliki-poliki, harria, hezurrak eta zura lantzen ikasi zuen animaliak hiltzeko, gero eta forma egokiagoa emanez (haizkora, lantza, mailua, eta abar).

Arku eta gezien asmapena beranduagokoa izan zen, eta haiekin aurrerapen handia gertatu zen.

Makilen elastizitatea probetxatuz, urrunera eta indar handiz jaurtikitzen ziren geziak.

Baina tresna guztiak ez ziren ehizarako.

Poliki-poliki, orratzak, orraziak eta beste tresna asko asmatu ziren.

Nor izan ote zen, ileak lehen aldiz orraztu zituen emakumea? Ala gizonezkoa izan ote, zen?.

Aurrerago, suaren bidez metalak lortzen ikasi zuenean, era askotako tresna berriak asmatu zituen gizonak.

HIZKUNTZA Tresnen kasua bezala, gizona besteekin erlazionatzeko soinuaz balia zitekeela konturatu behar izan zuen.

Lehenik, mendia kontzeptua keinu edo deseinu batez adieraz zitekeela konturatu zen, hau da, mendia imitatuz; eta gero, imitatuz gabe, soinu bereziak erabiliz, baina hori bai, MENDIA soinuak mendia adieraziko zuela guztiak ados jarririk.

Modu horretara, hizkuntza asmatu zen, asmapen ederrenetariko bat: gizonen arteko komunikabiderako tresnarik ederrena.

Hizkuntzaren bitartez, gizonak beste gizonengandik ikasi izan ahal zuen; ez soilik haiek egiten zutena imitatuz, baizik eta haien azalpenak entzunez Hizkuntzari esker, gizonak bere ideiak azaltzen zituen, eta azken batez, askoz ere errazago erlazionatzen zen besteekin.

Hizkuntzak, horrez gain, inteligentziaren eta kulturaren aitzinatzea bultzatu eta erraztu zuen.